Etxearen bihotza: Zuria, egurra eta… hormigoia sukaldean

Ez da egunero gertatzen halako espazio zoragarriak izatea gure sukaldeak diseinatzeko, baina kasu honetan zorte paregabea izan genuen. Espazio oso zabala eta argitsua, bista paregabeak dituena etxeko terrazetara.
Hasiera-hasieratik, gure bezero gazteak oso argi zeukan zer nahi zuen… ZURIA ETA EGURRA. Irla bat ere nahi zuen, baina iruditzen zitzaion ezinezkoa izango zela… «Zutoin handi bat baitago erdi-erdian!», esaten zuen.
Hasierako eragozpen txiki horiek, gerora, «aukera bikaina izaten dira zerbait berezia sortzeko». Irla antolatzeko, indukzio-plaka zutoinaren ondoan ipini genuen. Ez genituen ezkutatu nahi zutoin hori eta habe horizontal erraldoia, ez horixe! Eta ikusgai utzi genuen, hormigoiaren mutxardadura eta guzti. Kanpaia sabaian txertatuta geratu zen. Haritz-egurrezko barra bat erantsi genion Corianezko sukalde-gainari. Ikusten duzuenez, ederki geratzen da, bi aulkitxoekin eta zintzilik dauden lanparatxoekin batera. A zer nolako gosari eta aperitibo atseginak egin daitezkeen barra horretan!
Kolomako altzarietan labearentzako tokia dago, bai eta trasteleku-modulu bat ere, garbigailua instalatzeko (gure bezero guztiek nahi izaten dute modulu hori!). Bloke horrek integratuta dauzka, orobat, haritz-zurezko apaingarri bertikal bat eta hozkailua.
Ur-eremua leihoaren parean dago, eta txorrota biratu egiten da, leihoa ireki ahal izateko.
Jangelako gunea osatzeko, mahai handi bat dago (bi metro luze eta metro bete zabal), etxeko terrazara ematen duen leihate handi baten parean.
Sukaldea eta jangela dira etxe honen «bihotza», eta une ederrak gozatzen dituzte han etxejabe gazte eta zoriontsuek (ondotxo dakigu guk hori).
Izugarri gustatzen zaigu zuriaren eta hormigoiaren arteko nahasketa hori, «ukitu» beltz eta guzti. (AK_Project eredua, laka zuria, Corian zuria eta haritz-egurra).
Comments are closed














